Vistas de página en total

jueves, 28 de noviembre de 2013

Euskara zuzenketak- gurea.com ARRAIN, USAIN, ZAIN

-ain eta -ai aldaerak dituzten hitzetan -ain formak erabiliko ditugu;

Hau da: arrainusainzain  (eta honen eratorriak diren artzain, atezain, diruzain, itzain, ertzain, gotzain, eta abar). Ez, ordea: artzai, arrai, usai, gotzai, zai.

Dohain, eta orobat, orain idatziko ditugu euskara batuan.

Mahai idatziko dugu, eta ez mahain (Iparraldeko tradizioan mahain erabili izan da).


Euskaltzaindiaren arauei buruzko bi ariketa egingo ditugu:





Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Mikel Markezen abestia entzutera gonbidatzen deutsuegu. Uxue Alberdiren hitzak erabili ditu.

I
Emakume zuzenak, / okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta / zerrama irtenak,
itsusiak, politak, / atletak, herrenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

II
Langileak, alferrak, / lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak, / klaseko lehenak,
ale desegokiak, / andre txit gorenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak

III
Ama onak ta txarrak, / ama ez direnak,
lurrera jausi arte / mozkortzen onenak
ta umeen merienda / usaina dutenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

IV
Lotsatiak, ausartak / argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak, / marimutilenak,
katemeak, gorilak / panterak, zezenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

V
Markesaren alabak, / neskame gizenak,
printzesak ta sorginak, / ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo / itxura dutenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

VI
Lehen munduko emeak, / kapitalistenak,
lur usaia daukaten / andre indigenak,
zuri, gorri, horiak, / beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

Uxue Alberdi



HEZKUNTZA eta EUSKARA
Agirre Lehendakariaren plaza z.g.
Torrezabal Kultur Etxea
GALDAKAOKO UDALA
Tel. 944 010 511

POESIA


Elkar ezagutu genuenean
tapoia erori zitzaion bizitzaren tintontziari.
Desirazko kordoi bat jaio zitzaigun azaletik azalera
eta ibiltzeari ekin genion,
noiz bata bestearen ondoan, martxan,
noiz unibertsoan biraka, alderantzikaturik,
noiz aurrez aurre, geldi ere geldi.
Horretara izkiriatzen dugu, biok,
gure geure urrats soilekin,
liburu luze bat,
liburu orijinal bat,
akatsez eta azertuz betea.

Miren Agur Meabe


AHOMOROPILA

gustaten gastan gasteizko gasta gusti gastin gasta
Gustatzen zaidan Gasteizko gazta guztia gastatu egin zait.

astú astu asta
Astoa ahaztu zait.

SUPOSATU

“Suposatu” aditza noizbehinka erabiltzeagatik ez da ezer gertatzen, baina azken urteotan egiten den erabilera handiegia da. Ez dugu ajaztu behar beste aukera hauek ere baditugula euskaraz eta, askotan, egokiagoak direla eta hizkera aberasten dutela:

a) Suposatzen da: “pentsatzekoa da”, “pentsatzen dugu”, “uste (izaten) dugu“, “uste orokorra da“, “-(e)lakoan gaude”
b) Suposatu … -ela: “pentsatu … -(e)la”, “demagun … -(e)la”, “eman dezagun … -(e)la”, “egin dezagun … -(e)la” …
c) Zerbaitek beste zerbait suposatzen du: dakar, eragiten du, esan nahi du
d) Zerbaitek beste zerbaiten parte bat suposatzen du: da…

Hona hemen adibide batzuk:
  • ? Suposatzen dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu ezer.
  • ? Suposa dezagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan?
  • ? Kirurgia estetikoa egiteak dirutza gastatzea suposatzen du ezinbestean.
  • ? Mila eta bostehun eurok asko suposatzen dute guretzat / Mila eta bostehun eurok asko suposatzen digute
  • ? Bi mila euroko zorra dute: iazko aurrekontuaren % 10 suposatzen du horrek.

Hobe beste era honetara:
  • Pentsatzen dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu ezer / Pentsatzekoa da ongi daudela, baina jakin ez dakigu ezer / Uste dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu ezer / Ongi daudelakoan gaude, baina jakin ez dakigu ezer…
  • Demagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan? / Eman dezagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan? /
  • Kirurgia estetikoa egiteak dirutza gastatzea dakar ezinbestean.
  • Mila eta bostehun euro asko da guretzat.
Bi mila euroko zorra dute: iazko aurrekontuaren % 10 da hori.

lunes, 25 de noviembre de 2013

Euskaldunberri

Txalotzeko modukoa hiru hauen lana!!! ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO BIHOTZ BIHOTZEZ:

Pilotari nafarra, saskibaloi jokalari kantabriarra eta kazetari bizkaitarra euskaldun berriak dira, eta harro daude euskara ikasi izanaz.

Milioi bat euskal hiztun gara munduan. Ez dugu beraz, hain hizkuntza txikia, ezta?

Kike Amonarrizek ETB1en gidatutako ‘Tribuaren Berbak’ saioaren lehen atalean, euskararen tamaina aztertu dugu. Euskara ez omen da uste bezain txikia, ez omen da askok dioten bezain zaila, baina, hala ere, ez dugu ahaztu behar arriskuan dagoela.
Munduan 7.000 milioi pertsona baino gehiago gara, eta 7.000 hizkuntza hitz egiten dira. Batzuk hizkuntza handiak dira, etorkizunaren beldurrik gabe bizi direnak; beste batzuk, berriz, txikiak, oraina ere arriskuan ikusten dutenak.
0tik 10erako rankinga egingo bagenu, 10ean txinera legokeela kontuan hartuta, hau da, munduan gehien hitz egiten den hizkuntza, eta 0an, berriz, azken hiztuna galdu berri duen hizkuntza bat, non legoke euskara? Bada, askorentzat harrigarria badirudi ere, euskara 9. postutik gora kokatuko genuke.
Izan ere, Ethnologue erakundearen arabera, 400 hizkuntza daude munduan 1.000.000 hiztunetik gorakoak, eta euskara da horietako bat. Beraz, esan genezake euskara munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen % 10ean dagoela.

Orduan, zergatik ikusten dugu gure burua hain txiki, horren txikiak ez bagara? Bada, Jon Sarasua HUHEZIko irakasle eta Garabideko kideak argi adierazitakoaren arabera, bi erraldoiren barruan gaudelako, nolabait esanda (gaztelania eta frantsesa), eta hirugarren erraldoi bat alboan daukagulako (ingelesa). Horiekin alderatuta txikiak gara, baina munduko batez bestekoarekin alderatuta, berriz, “ez gara harri koxkorrak, harri kozkorrak baizik”.
Hiztun kopurua ez da hizkuntza baten bizi-indarra neurtzeko aintzat hartu behar den faktore bakarra. Calvet barometroaren arabera, 500.000 hiztunetik gora dituzten munduko hizkuntzak kontuan hartuta, euskara 51.a da, mazedonieraren eta letonieraren artean.
Izan ere, barometro horrek Interneti eta sare sozialei garrantzi handia ematen die. Wikipedian, esaterako, erabiltzen duten 280 hizkuntzetatik 35.a da, artikulu kopuruaren arabera. Twitterri dagokionez, 38 hizkuntzatan soilik erabil daiteke, eta euskara da horietako bat.
Euskara ez da, beraz, uste bezain txikia, eta ez da askok uste bezain zaila, baina begi bistakoa da ez dagoela sendo. UNESCOk argi gorria piztu du, eta euskara arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatu du, munduko beste 2.470 hizkuntzarekin batera.
UNESCO katedraren zuzendari Itziar Idiazabalek adierazitakoaren arabera, mende honetan munduko hizkuntzen erdia baino gehiago gal liteke, hau da, 3.500etik gora. Hori gerta ez dadin, garrantzitsuena belaunaldien arteko transmisioa omen da. Euskarari dagokionez, Hego Euskal Herrian nahiko ongi gauzatzen omen da hori; ez, ordea, Ipar Euskal Herrian.
Euskara mende honetan galduko den hizkuntza horietako bat izan ez dadin, ezinbestekoa da norbera bere hizkuntzaz harro egotea. Izan ere, baldintza hori beteta, erreskadan etorriko dira gainerakoak (transmisioa, erabilera…).

Euskal esaera zaharrak, Whatsappen

Duela gutxi jakin dugu, milioi bat euskal hiztun garela munduan. Euskarak badu, beraz, tokia munduan, baita teknologia berrietan ere. Milaka euskaldun gara, esaterako, WhatsApp aplikazioa erabiltzen dugunak, eta, ziur asko zeuen mugikorretan jasoko duzuela azken egunotan bolo-bolo dabilen euskal esaeren inguruko asmakizuna. Bada, guk ere euskararen blog honetara ekarri nahi izan dugu, asmakizunak izugarri atsegin ditugulako eta zuen proposamen gehiago nahi ditugulako. Finean, euskararekin jolas egin nahi dugulako!

Euskal esaera zaharrak, Whatsappen


Guztiak asmatu al dituzue? :-) Ezetz?? Ba ondo begiratu, ohikoak eta etxean entzuten ditugun esaera zaharrak dira eta guztiak: “A ze parea, karakola eta barea”; “Zozoak beleari, ipurbeltz”; “Txapela buruan eta ibili munduan”; “Egon adi lo ta jango dek mehe”… Saiatu guztiak asmatzen eta bota zuen iradokizunak, guztiak ongi etorriak izango dira eta! :-)