Vistas de página en total

jueves, 14 de noviembre de 2013

Aitona Anbrosio

Tipo ikaragarria zen aitona Anbrosio,
pertsonaje bat hura ere.
Aurkitzen nuen eta esaten zidan:
«Alde egin behar dek hemendik.
Hilabete batean ikasiko dek
hemen hamar urtetan baino gehiago».
Hamalau urte neuzkan.
Eta berak, asmatu balu bezala:
«Hamabost urte egindakoan,
orduan alde egin behar dek etxetik.
Biaje iniziatikoa izango dek hiretzat».
Hau esanda triste antza geratzen zen.
Niri barruan eztanda egiten zidan hitz hark:
Biaje iniziatikoa.
Neure buruari errepikatzen nion:
Biaje iniziatikoa.
Non ikasi ote zuen aitona Anbrosiok hitz hura?
Ez nekien bere esanahirik
baina ulertzen nion zentzua,
eta nire bidaia prestatu egin nuen.
Etxean bagenuen moto bat,
eta harekin emango nion itzulia
Iberiar penintsulari, itsasertzetik beti.
Libreta bat eramango nuen idazteko.
«Noiz joan behar dek?»,
galdetzen zidan Anbrosiok beti,
berak ere bidaia honekin amets egingo balu bezala.
Nik bidaia ahazten nuen bakoitzean,
Anbrosioren interesak berpiztu egiten zidan.
Ordea, ezin nuen lagunik aurkitu,
eta asmoa atzendu egin zitzaidan.
Urteak pasa egin ziren eta Anbrosio oso gaixotu.
Bisita egiten nionean beti errepikatzen zidan:
«Alde egin behar dek hemendik,
eta gero etorri neri kontatzera.
Denek nahiko ditek hirekin hitz egin,
baina hi neregana etorri».
Azken bisitan larri zegoen:
«Neuk lehenago joan beharko diat!».
Eta hitzik gabe geratu zen,
haren bidaiak ez zeukalako definiziorik.
Urteak daramatzat geroztik
biaje iniziatikoa egin nahian,
berandu izan baino lehen.
Zor diot Anbrosiori, eta zor diot neure buruari.

PAKO ARISTI



DANNY GREEN

ASTEGOIEN ONA EUKI DAIZUELA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario