Vistas de página en total

lunes, 25 de noviembre de 2013

Milioi bat euskal hiztun gara munduan. Ez dugu beraz, hain hizkuntza txikia, ezta?

Kike Amonarrizek ETB1en gidatutako ‘Tribuaren Berbak’ saioaren lehen atalean, euskararen tamaina aztertu dugu. Euskara ez omen da uste bezain txikia, ez omen da askok dioten bezain zaila, baina, hala ere, ez dugu ahaztu behar arriskuan dagoela.
Munduan 7.000 milioi pertsona baino gehiago gara, eta 7.000 hizkuntza hitz egiten dira. Batzuk hizkuntza handiak dira, etorkizunaren beldurrik gabe bizi direnak; beste batzuk, berriz, txikiak, oraina ere arriskuan ikusten dutenak.
0tik 10erako rankinga egingo bagenu, 10ean txinera legokeela kontuan hartuta, hau da, munduan gehien hitz egiten den hizkuntza, eta 0an, berriz, azken hiztuna galdu berri duen hizkuntza bat, non legoke euskara? Bada, askorentzat harrigarria badirudi ere, euskara 9. postutik gora kokatuko genuke.
Izan ere, Ethnologue erakundearen arabera, 400 hizkuntza daude munduan 1.000.000 hiztunetik gorakoak, eta euskara da horietako bat. Beraz, esan genezake euskara munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen % 10ean dagoela.

Orduan, zergatik ikusten dugu gure burua hain txiki, horren txikiak ez bagara? Bada, Jon Sarasua HUHEZIko irakasle eta Garabideko kideak argi adierazitakoaren arabera, bi erraldoiren barruan gaudelako, nolabait esanda (gaztelania eta frantsesa), eta hirugarren erraldoi bat alboan daukagulako (ingelesa). Horiekin alderatuta txikiak gara, baina munduko batez bestekoarekin alderatuta, berriz, “ez gara harri koxkorrak, harri kozkorrak baizik”.
Hiztun kopurua ez da hizkuntza baten bizi-indarra neurtzeko aintzat hartu behar den faktore bakarra. Calvet barometroaren arabera, 500.000 hiztunetik gora dituzten munduko hizkuntzak kontuan hartuta, euskara 51.a da, mazedonieraren eta letonieraren artean.
Izan ere, barometro horrek Interneti eta sare sozialei garrantzi handia ematen die. Wikipedian, esaterako, erabiltzen duten 280 hizkuntzetatik 35.a da, artikulu kopuruaren arabera. Twitterri dagokionez, 38 hizkuntzatan soilik erabil daiteke, eta euskara da horietako bat.
Euskara ez da, beraz, uste bezain txikia, eta ez da askok uste bezain zaila, baina begi bistakoa da ez dagoela sendo. UNESCOk argi gorria piztu du, eta euskara arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatu du, munduko beste 2.470 hizkuntzarekin batera.
UNESCO katedraren zuzendari Itziar Idiazabalek adierazitakoaren arabera, mende honetan munduko hizkuntzen erdia baino gehiago gal liteke, hau da, 3.500etik gora. Hori gerta ez dadin, garrantzitsuena belaunaldien arteko transmisioa omen da. Euskarari dagokionez, Hego Euskal Herrian nahiko ongi gauzatzen omen da hori; ez, ordea, Ipar Euskal Herrian.
Euskara mende honetan galduko den hizkuntza horietako bat izan ez dadin, ezinbestekoa da norbera bere hizkuntzaz harro egotea. Izan ere, baldintza hori beteta, erreskadan etorriko dira gainerakoak (transmisioa, erabilera…).

No hay comentarios:

Publicar un comentario