Vistas de página en total

jueves, 28 de noviembre de 2013

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Mikel Markezen abestia entzutera gonbidatzen deutsuegu. Uxue Alberdiren hitzak erabili ditu.

I
Emakume zuzenak, / okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta / zerrama irtenak,
itsusiak, politak, / atletak, herrenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

II
Langileak, alferrak, / lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak, / klaseko lehenak,
ale desegokiak, / andre txit gorenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak

III
Ama onak ta txarrak, / ama ez direnak,
lurrera jausi arte / mozkortzen onenak
ta umeen merienda / usaina dutenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

IV
Lotsatiak, ausartak / argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak, / marimutilenak,
katemeak, gorilak / panterak, zezenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

V
Markesaren alabak, / neskame gizenak,
printzesak ta sorginak, / ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo / itxura dutenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

VI
Lehen munduko emeak, / kapitalistenak,
lur usaia daukaten / andre indigenak,
zuri, gorri, horiak, / beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta / maite ditut denak.

Uxue Alberdi



HEZKUNTZA eta EUSKARA
Agirre Lehendakariaren plaza z.g.
Torrezabal Kultur Etxea
GALDAKAOKO UDALA
Tel. 944 010 511

No hay comentarios:

Publicar un comentario